XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beren eginkizunetarako egokia zeritzotena, hau berau konturatu baino askoz lehenago ezagutzen zuten.

Ez zuten harrapatzeko mementu egokia itxaron besterik egiten.

Mementu hori lehen bait lehen hel dadila ahalegin guztiak egiten zituzten arren.

Har dezagun, adibidez, Fusi jauna, bizargilea.

Egia da ez zela oso bizargile famatua izaten, baina bere auzoan oso estimaturik zen.

Ez zen ez aberats, ez txiro.

Bere denda, hiri erdian kokaturikoa, txikia zen eta aprendiz bati ematen zion lana.

Egun batetan, Fusi jauna dendaren atarian zegoen, bezeriaren zain.

Aprendizaren jaieguna zenez, Fusi jauna bakarrik zegoen.

Kalearen gainean euria nola jausten zen begira zegoen, egun grisa bait zen, eta Fusi jaunaren izpirituan ere egun berunkara ari zuen.

Nire bizitza pasatzen doa, pentsatzen zuen, artazien klaskaden, berriketaren eta xaboizko bitsaren artean.

Zer egiten ari naiz nire bizitzarekin? Hilko naizeneko egunean inoiz bizi izan ez banintz bezala izango da.

Hau guztia dela eta, ez da pentsatu behar Fusi jaunak solasaldi baten kontra ezer duenik.

Guztiz kontrakoa: bezeroei, zehaztasun osoz, eritziak azaltzeak eta, haiek horiei buruz pentsatzen zutena entzuteak zoratzen zuten.

Artazien klaskadek eta xaboiaren bitsak ere, ez zioten enbarazorik egiten.

Bere lana asko gustatzen zitzaion eta ba zekien ondo egiten zuela.

Bereziki, kokots azpiko bizarra ilez kontra kentzeko zeukan trebetasuna zaila zen gainditzen.

Baina, ba dira mementuak non norbera guzti honez ahantzi egiten bait da.

Jende guztiari gertatzen zaio.

Nire bizitza osoa erru bat da!, pentsatzen zuen Fusi jaunak.

Zer gertatu da nirekin? Baliogabeko bizargin bat, hori da lortu dudan guztia.

Baina benetan bizi ahal izango banintz, beste gauza diferentea izango nintzateke ".

Jakina, Fusi jaunak benetan bizitze horri buruz ez zuen ideiarik txikienik ere.

Bakarrik zerbait garrantzitsua, zerbait oso luxuzkoa imajinatzen zuen, aldizkarietan zekusan legez.